Gaur egun daukagun informazio guztiarekin, inor gutxik jarriko luke ezbaian hondakinak birziklatzea ezinbestekoa dela ingurumena babesteko. Bestela, pentsa: nola biziko ginateke berez hain emankorra eta aberatsa den Lur planeta hondakinez beteko bagenu? Oso nekez. Hondakinak neurrigabe pilatuz gero, besteak beste, naturak eskaintzen dizkigun baliabideak agortuko lirateke, animalia- eta landare-espezie ugariren habitatak desagertuko lirateke, eta horrek guztiak planeta osatzen duten elementuen arteko desoreka eragingo luke. Laburki esanda, hondakinak ez birziklatzeak hondamendia lekarke.