2020/03/01
Oihana Otaegi Madurga - Garraio Sistema Adimendunak eta Ingeniaritza
Gorka Hoyos Berastegi -
Arrate Alonso Gómez - Seinalearen Teoria eta Komunikazioak Taldea
Aurreikusten da hogei urte barru ibilgailu gehienak elektrikoak izango direla. Uste izatekoa da herriak eta hiriak atseginagoak bihurtuko direla horrela, zarata eta kea gutxituko direlako. Energiaren ikuspegitik trantsizio energetikorako ere lagungarria izan daiteke. Baina azpiegitura berriak eta hiriak egokitzea eskatuko ditu. Kasurik sinpleenean, karga-puntuak ugaritzea eta elektrizitate-ekoizpena nabarmen handitzea. Eskutik datoz galdera asko: nola lortuko da beharko den elektrizitate guztia? Nondik eskuratuko ditugu bateriak sortzeko beharko diren lehengai preziatuak? Benetan jasangarriagoa al da garraio-mota hori?
Horretaz guztiaz hitz egiteko, Elhuyarrek garraio elektrikoaren inguruko hausnarketa-saio ireki bat antolatu zuen San Telmo museoan. Hiru aditu eta aritu gonbidatu zituen ikusleekin batera eztabaida-saio batean parte hartzera. Helburua zen hausnartzea ea garraio elektrikoa irtenbide egokia ote den gure herri eta hirietako garraio-eredurako. Mahai-inguruan adituek botatako ikuspuntuak jaso ditugu hurrengo orrialdeetan. Hauek dira adituak:
Oihana Otaegi Madurga, Vicomtecheko Garraio Sistema Adimendunak eta Ingeniaritza saileko zuzendaria. Auto autonomoetan aditua da; besteak beste, ikusmen artifizialean.
Arrate Alonso Gómez, Mondragon Unibertsitateko Garraiobide Adimendunaren arloko ikertzailea. Autoen konektibitatean, sare elektrikoaren egokitzapenean eta zerbitzu-antolaketan aditua da.
Gorka Hoyos Berastegi, Kalapie elkartearen lehendakaria; urte askotan, Donostian bizikletaren erabilera sustatu duen eta hirigintza eta garraioari buruzko gogoeta sakonak egin dituen elkartea da Kalapie.