Labaka Etxeberria, Ainitze

Labaka Etxeberria, Ainitze

Erizaina Erizaintza II saileko irakasle eta ikertzailea EHU

Minaren eta tristuraren medikalizazioa

2021/03/01 Labaka Etxeberria, Ainitze - Erizaina
Marga Saenz Herrero - Psikiatra

AEBko opioideen krisiak zeresan handia eman du azken urteotan. Milaka pertsona hiltzen dira urtero droga-gaindosiaz, eta horietako askori mediku batek agindu zizkion lehendabizikoz analgesiko opioide legalak, minari aurre egiteko.

Sortutako mendekotasunen ondorioz, opioideen kontsumoa epidemia izatera iritsi zen 2015ean, eta, 2019an, 70.000tik gora pertsona hil ziren drogen gaindosien ondorioz. Joera AEBtik kanpo ere nagusitzen ari da, ordea. Zein da Euskal Herriko egoera?

Minaren eta tristuraren medikalizazioa jarri ditu jomugan auzi honek. Analgesikoak, antsiolitikoak eta antidepresiboak ohikoak dira minak eta osasun mentaleko ondoezak tratatzeko. Modu isilean hedatzen ari dira gizartean, eta ez dakite zer ondorio izango dituen halakoak epe luzean hartzeak.

Mendekotasunak eta heriotzak ez dira ondorio bakarrak. Atzean, askoz ere sotilagoa den gai bat ere badago: mina eta emozioak dira gorputzak hitz egiteko duen moduetako bat. Zer ari gara isilarazten? Gai zaila eta labainkorra da minaren eta tristuraren medikalizazioa, eta beharrezkoa osasun-sisteman nola kudeatzen den hausnartzea. Bi adituren iritziak jaso ditugu:

Ainitze Labaka Etxeberria, erizaina. EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Psikobiologia Taldeko ikertzailea. Estresaren eta gaixotasunaren arteko lotura aztertzen du. Une honetan, minaren inguruan ikertzen dihardu.

Marga Saenz Herrero, psikiatra. Gurutzetako Ospitaleko medikua Psikiatria Zerbitzuan eta EHUko ikertzailea. Osasun mentalean genero-ikuspegia txertatzeko ari da lanean.

Ilargia eta giza jokabidea: usteak zenbat ustel?

2018/09/01 Labaka Etxeberria, Ainitze - Erizaina
Arozena Ormaetxea, Kristina - Erizaina eta EHUko ikertzailea; Diseinatzaile grafikoa

Aspalditik dator Ilargiak gizakion jokabidean eragina izan dezakeelako ustea; hain zuzen ere, sinesmen horren inguruko lehen idatzia Hipokratesen garaikoa da (K.a. 400. urtea). Mendeak igaro ahala, bizirik mantendu dira Lurraren sateliteari loturiko usteak, eta, gaur egun ere, badira pertsonen jokabide oldarkorrak edota osasun-arazoak astroaren faseei egozten dizkieten profesionalak ere. Zer du, baina, mitoak egiatik?

Sexua, zientziak ahaztutako aldagaia

2017/09/01 Labaka Etxeberria, Ainitze - Erizaina

Zergatik diagnostikatzen zaizkie berandu emakumeei bihotzeko gaixotasunak? Ba al dute gizonek osteoporosirik? Depresioa pairatzen dutenen gehiengoa emakumezkoa bada, zergatik ikertzen da eskuarki animalia arretan? 1991n Bernadine Healyk The New England Journal of Medicine aldizkarian idatzitako editorial batek hautsak harrotu zituen, eta zeraz ohartarazteko bidea ireki zuen: sexu batean soilik egindako ikerketak ezin direla, besterik gabe, beste sexura orokortu. Baina, oraindik ere, zelula, animalia edota pertsona arrekin egiten du lan zientziak gehienetan, eta emeak amatasunaren eta menopausiaren gaineko ikerketetan soilik hartzen ditu kontuan. 2017an, Journal of Neuroscience Research aldizkariak gogorarazi digu sexua aldagai biologiko gisa kontuan hartzeko beharra, hots, subjektu ar eta emeen arteko ezberdintasunak kontuan hartzeko premia. Azter dezagun gatazka zientifiko horren bilakaera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila