Izenburuko galderari erantzun nahian, mahai-ingurua antolatu zuten Elhuyar Zientziak eta Elhuyar Aholkularitzak azaroaren 13an. Berdintasun Gunearen (Emakunde) eta Zientzia Astearen (Innobasque) markoa aprobetxatuta, ikerketa-arloan diharduten lau emakume gonbidatu zituzten zientziaz eta berdintasunaz eztabaidatzera: Osasun Saileko Elena Aldasoro Unamuno, Ikerbasqueko Ainhoa Madariaga Martinez, Mondragon Unibertsitateko Ainhoa Larrañaga Elorza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Teresa Nuño Angós. Haien ikuspegi eta ibilbideak uztartuz, Euskal Herrian zientzia-sisteman dagoen errealitatera hurbiltzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek zein entzuleek.