Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu berri du BAI (Bizkaiko Arkeologi Indusketak) seriean Arlanpeko aztarnategiari buruzko liburua, non aurkezten baitira 2006-2012 bitartean gauzatutako indusketen eta ikerketen emaitza garrantzitsuenak. Arlanpeko kobazuloa Lemoan dago, Arratia ibaiaren bukaerako eskuin-ertzean, Arlanpeko Atxaren mendebaldean. Egun, haitzuloaren ahoa ipar-ekialdera irekitzen da. Hara heltzea erraza ez izan arren, bertan topaturiko "altxor" arkeopaleontologikoek merezi izan dute. Indusketetan 20 arkeologo boluntario inguru aritu ziren, eta ikerketa-lanak ikerkuntza-zentro desberdinetako beste 20 bat ikerlarik gauzatu dituzte. Kide hauen esku egon da lanen koordinazioa: Joseba Rios Garaizar Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentrokoa (CENIEH), Diego Garate Bilboko Arkeologi Museokoa, eta Asier Gómez Olivencia Parisko Historia Naturalaren Museokoa.