Bahetzearen helburu nagusia da bularreko minbiziak eragindako heriotza-tasa jaistea. Gaur egun, ezinezkoa da bularreko minbiziaren agerpena prebenitzea, ezin baitira aldatu ezagunak diren arrisku-faktore nagusiak (sexua, adina, familia-aurrekariak eta aurrekari pertsonalak, menarkia goiztiarra, menopausia berantiarra...). Horrenbestez, bigarren mailako prebentzioa (prebentzio goiztiarra) da haren historia naturala eteteko modua. Bularreko minbiziak bahetzea egiteko beharrezkoak diren irizpide epidemiologiko guztiak betetzen ditu: erikortasun- eta heriotza-tasa altua; egoera aurrekliniko detektagarriaren prebalentzia altua; tratamendu eraginkorra jartzeko aukera eta sentsibilitate eta espezifikotasun handiko bahetze-testa (kostu txikia eta bigarren mailako efektu onargarriak dituena).