Normalean, behatze hutsak behatutakoa aldatzen du, partikulen fisikan batez ere. Fotoi bat ikertzeko, modu batera edo bestera eragin behar izaten zaio, eta, beraz, ikertutakoaren emaitza zalantzan jartzen da, behaketaren ondorio bat delako. Baina ez beti. Serge Haroche frantziarrak eta David Wineland estatubatuarrak fotoiak eta atomoak ikertu zituzten behaketak berak fotoi horiek suntsitu gabe. Horregatik jasoko dute 2012ko Fisikako Nobel saria. Fisika kuantikoaren metafora ezagunena erabilita, bi fisikariek ikusi dute Schrödingerren katua kaxatik atera gabe.