Oinarrizko fisikan dimentsio bakarreko objektuak (sokak) aipatzean, aukera bat baino gehiago datozkigu burura. Alde batetik, supersokak ditugu. Azken urteetan, fisikariek eta matematikariek lan izugarria egin dute supersoken teoria aztertzen. Funtsezko ideia hau da: oinarrizko partikulak ez dira puntualak, baizik eta dimentsio bakarreko objektu hedatuak. Nolabait esateko, partikulak ez dira "bolatxo" batzuk, baizik eta bibratzen duten "sokatxo" batzuk. Baina, beste alde batetik, zientzialariok beste soka-mota bat ere ikertu dugu: soka kosmikoak. Eta, nahiz eta biak "sokak" izan, ez dute batzuek besteekin zerikusirik. Artikulu honetan, azken soka horiei buruz arituko gara.
Betidanik izan dugu gizakiok unibertsoa deskribatzeko irrika: zein da unibertsoaren etorkizuna, nolakoa izan da haren eboluzioa? Estatikoa da, ala denborarekin aldatu egiten da? Infinitua da? Orain dela mende bat gutxi gorabehera, unibertsoa estatikoa zela uste zuten; Einsteinek, bere ekuazioak aztertzean, unibertsoa dinamikoa zela ikusi zuen, eta, sinesten ez zuenez, ekuazioak orokortu egin zituen, unibertso estatiko bat lortu ahal izateko!