Aurreko alean erle bakartiez luze eta zabal hitz egin genuen. Hala ere, badira naturan beste erle-mota batzuk. Saia gaitezen bada erle sozial direlakoen bizimoduaz zertxobait ezagutzen.
Gehienontzat, erlauntza eta bertan bizi diren ezti-erleen erakunde sozial korapilotsua, erle-bizitzaren ezaugarri bereizgarria da. Baina, errealitatea bestelakoa da: gutxi gorabehera existitzen diren 20.000 erle-espezietan %85 baino gehiago ez dira sozialak; bakartiak baizik. Emeak, parekatzeko arra bilatu beharrean aurkitzen dira. Hamarren bat inkubazio-gelaska izaten dituen habia eraiki, kumeentzako janariaz hornitu eta gelaska bakoitzean arrautza bat erruten du eta hurrengo belaunaldia sortu aurretik, hil egiten dira.