Eguraldiak eragin handia dauka gure eguneroko jardunean. Gizakia beti ibili da zeruari begira ea euria, ekaitza, eguzkia edo zer demontre dakarren asmatu nahian. Aurrerapen teknikoei esker, fidagarritasun oso altua lortu da 48 ordutarako iragarpenetan. Ondorioz, gure gizartea, oro har, iragarpen horien zain eta egarri bizi da gaur egunean, edo ... ez al dira telebista eta irratiko une entzunenak eguraldi-iragarpenenak? Egarri horrek egoera egokia sortu du iragarpenak idazteko sistemak ikertu eta merkaturatzeko, baita horrelako testuak hizkuntza askotara zabaltzeko tresna automatikoak asmatzeko ere.
Inprentaren sorkuntzak hizkuntzaren tratamendua eta zabalkuntza irauli zuen moduan, mende honetan sortu den ordenadoreak horren pareko iraultza dakar. Etxeparek ospatu zuen euskarazko lehenengo liburuaren inprimatzea, baina oraindik ezin aurkituko dugu ordenadore bidez lehen testua aztertzea edo sortzea ospatuko duen Etxepare modernorik, nahiz eta oinarrizko zenbait lan euskararentzat egokitu diren.