Egungo gizarte garatuek ingurune naturala aisialdiko alternatiba gisa erabiltzera jotzen dute gero eta gehiago. Eboluzio honen baitan, hiritarrek hiri inguruetako berdeguneak sarbide errazez, zerbitzu egokiz eta ekosistema desberdinez horniturik egon daitezen exijitzen dute. Eskari honek mota askotako berdeguneak sortzea eragin du, eta horrela eraturiko parke natural, hiri inguruko berdegune, aisialdiko gune, etab.en kudeaketa gero eta konplexuagoa bilakatu da. Abagune berri honetan, aurrerapen teknologikoak erabiltzea ezinbestekoa da. Espazio berdeen maneiuari dagokionez, Geografia Informazioko Sistema (GIS) deritzen tresna informatiko berriek informazioa hobeto antolatuta gordetzeko aukera ematen dute eta ezagutza informatiko mugatuak dituzten teknikariek ere erabiltzen jakingo dituzten programak sortzeko bidea irekitzen dute.