Gaur egun, ia ezinezkoa gertatzen zaigu ulertzea antzinako zenbait zibilizazioren kulturak nola hedatu ahal izan ziren hain lur-eremu zabaletan barrena, orduko komunikabide bakarrak ohiko garraiobide fisikoak zirela kontuan harturik. Nork pentsatuko luke, gaur egun, toki batetik bestera joateko automobila, itsasontzia edota hegazkina alde batera uztea? Nolakoa izango litzateke telefono, irrati edo telebistarik gabeko mundua? Postak ere aurrera egin du, eta fax eta ordenadore-sare handiekin batera, planetako edozein puntutan gertatzen denaren berri izan dezakegu.
Zibilizazioek utzitako eraikuntza arkitektonikoak haien garapen-mailaren adierazle garbiak izan dira beti. Baliabide tekniko urriak zituzten herri batzuek egin ahal izan zituzten eraikuntza-lan konplexuak ikusteak, harridura eragiten du guregan. Batzuetan, antzinako teknikei buruz gaur egun dugun informazioa ez da behar bezain ona, batez ere idatzitako agiririk gabeko garaiei buruz ari bagara. Horrelako egoera dugu artikulu honetan hizpide. Inkak nagusi ziren garaiko Perura joko dugu —XV. eta XVI. mendeetara—, eta hiri bat nola eraiki ahal izan zuten azalduko dugu. Inperioaren hiriburuaz Cuzco-z, jardungo dugu eta inguruko zenbait herri ere ekarriko ditugu orriotara, hala nola, Ollantaytambo, Sacsayhuaman eta Machu Picchu, non intihuatana izeneko harri bereziak zituzten, Eguzkia harrapatzen zuten harriak, hain zuzen. Inkek harriak harrobietatik nola erauzten zituzten ikusiko dugu, baita behar zen tokira nola eramaten zituzten ere eta, bukatzeko, harriak nola paratzen eta leuntzen zituzten, azken emaitza dotoreak erdietsi arte.
Nazcako eskualdea, Peruko hego kostaldean dagoena, ospetsua da inguru haietako ordokietan marrazturik dauden pista korapilatsuak direla eta. Pista horietako batzuek irudi itzelak eratzen dituzte; geoglifoak deritze irudi horiei, baina, seguruenik, ezagunagoa zaigu beste izen hau: Nazcako lerroak, alegia. Artikulu honetan, lerro horien gainean dugun informazioa bildu nahi izan dugu, batik bat, pisten jatorria eta erabilera
argitzeko asmotan.
Inkek, antzina Perun bizi izan zen herriak, denbora neurtzeko beren modu berezia zuten. Denbora ezagutzea funtsezkoa zen haien bizimodurako, horrek finkatzen baitzien lurra noiz landu, hazia noiz erein eta uztak noiz bildu. Halaber, jainkoei egindako gurtza erritualak eta bestelako jaiak ospatzeko egunak ere ondo zehaztuta zituzten inkek. Herri primitiboa zen eta beraien jakinduria sinesmen mitologiko korapilatsuei eta Lurraz kanpoko indarrei lotuta ageri zen beti. Hala ere, harritzeko moduko zehaztasunez jakin zitzateketen urteko egunak nahiz solstizio eta ekinozioak. Horretarako, intihuatana izeneko harriak erabili ohi zituzten. Harri horiek granitozkoak ziren eta egokiro orientatuta zeudenez, eguzki-erloju gisa jokatzen zuten: Eguzkia “harrapatu” egiten zuten.
Egiptoko obelisko bat Parisen ikusi nuen lehenengo aldiz, Concorde enparantzan hain zuzen ere. Zementuzko eraikin berriz beteta dagoen hiri zaratatsuaren erdi-erdian dago zut Ramses II.aren obelisko ikusgarria. Berau, zapaldutako piramide-itxura duen eta inskripzio hieroglifikoz hornituta dagoen granito arrosazko bloke monolitikoa da. Geroago, Europako beste hiriburu batzuetan ere ikusi ahal izan ditut obeliskoak, hala nola, Londres eta Erroman. Egiptoko kulturarekin zerikusirik ez duten halako hirietan obeliskoak ikusteak txundituta utzi nau beti.
Tailandia, Myanma-ko Batasuna eta Laos-en arteko mugaldea ezaguna da bertan aspaldidanik egin ohi den opio-salerosketa dela eta. Izan ere, urre- triangelua deritzon eskualde horretan ekoizten da Europan eta Estatu Batuetan kontsumitzen den heroinaren erdia.