Gaur egun guztiek onartzen dute garapen ekonomikoa eta ingurugiroa oso estuki lotuta daudela eta politika ekonomiko oro diseinatzerakoan biak uztartu beharra dagoela. Ingurugiro-irizpideak garapen ekonomikorako estrategia eta ereduetan txertatzen ari dira asko eta horren ondorioz, ingurugiroa gero eta garrantzitsuagoa da politika ekonomiko eta enpresarialetan, administrazio publikoetako kudeaketa-sistemetan, fabrikazio-prozesuetan, produktuen diseinuetan eta kontsumitzaileen portaeran.
Gernika aldeko industriek, interes natural handiko ingurunean kokatuta egoteagatik, beren emisio eta hondakinak beste inon baino arreta handiagoz kudeatu behar dituztela eta ingurugiro-legeek agintzen dutena zintzoki bete behar dutela pentsatzeak nahikoa logikoa dirudi. Hango industria asko, gainera, oso poluitzaileak izan dira betidanik. Urdaibaik dituen ingurugiro arazoak, merkurio eta kadmioz poluitutako akuiferoarena kasu, ez dira, ondorioz, makalak. Horiek horrela, EAEko Administrazioak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Hegoaldeko industrien ekoizpen-prozesuetan eta hondakinen kudeaketa-sistemetan teknologia garbiak sartzeko plangintza egitea erabaki zuen duela urte batzuk.
1993ko udaberrian aurkeztu zen Euskal Autonomi Elkarteko Hondakin Berezien Kudeaketa Plana. Giza iharduerek eta industriak inguruan duten eragin kaltegarria saihestea zen planaren helburua, hondakin-ekoizpena 2000. urteari begira % 25 gutxiagotzea, alegia. Horretarako bi ildo nagusi jorratu beharra ikusi zen: hondakin-ekoizpena murriztea eta hondakinok berriro erabiltzeko bideak sustatzea. Testuinguru horretan, hainbat azpiegitura sortu dira azken urteotan, Administrazioak berak bultzatutakoak gehientsuenak.
Euskal Autonomia Elkarteko eta Nafarroako Hondakin Berezien Kudeaketa Planen helburu nagusiak 2000. urteari begira industriak ekoizten dituen hondakin bereziak minimizatzea eta birziklatzea eta oraindik ekoiztuko diren hondakin berezi guztiak era kontrolatuan kudeatzea da.
Ingurugiroa zaindu beharreko kezka gero eta handiagoa da mundu osoan. Halaber, ingurugiroaren erabilera arautzen duen legeria gero eta zorrotzagoa egiten ari da egunetik egunera estatu industrializatuetan. Industria ingurugiro-arazoen erdigunean dago, bera baita kaltearen eragilerik gaiztoenetarikoa. Ingurugiro-faktoreak enpresaren estrategian lehenbailehen txertatzen hasi beharra dago eta horretarako bide egokiena modu garbian, hots, airea, ura eta atmosfera poluitu gabe, ekoiztea da.