Homogeneizaziorantz jotzen duen mundu honetan talde txikien egoera ez da erraza. Mundua aberastasunez hornitzen duten paisaje, espezie eta etnia minoritario asko galtzen ari gara. Izan ere, edozein populazio murriztuz doan heinean, desagerpenerantz bultzatzen duen zurrunbiloan harrapatuta geratzen da, azken mohikanoaren gisara. Hortik ateratzeko laguntza behar dute. Horri buruzko ikerketak ugaritu ahala, gero eta irudi kezkagarriagoa lortzen dugu: populazio txikien biziraupena baldintzatzen duten faktoreak gero eta gehiago ageri dira eta, ondorioz, konturatzen gara populazioak salbatzekotan, uste baino askoz ale gehiago eta askoz azalera handiagoko lurraldeak kontserbatu behar ditugula.