Gaur egungo ekonomiaren ezaugarri nagusiak ziurgabetasuna eta aldakortasuna dira, dudarik gabe. Gure inguruan zer gertatzen ari den begiratzea nahikoa da horretaz ohartzeko: ekonomiaren zikloetan gertatzen diren gora-beherak, langabeziaren bilakaera, teknologiak eraginda gertatzen ari diren aldaketak, produktuen iraupen laburra, merkatu berriek eskaintzen dituzten aukerak, kanpoko lehiakideek dakartzaten arriskuak, eta abar luzea dira esandakoaren erakusgarri garbia. Eranskina
Langabezia azken urteotan buruhauste ugari sortu duen arazoa dugu. Bai Europako eta Europaz kanpoko herrialde gehienek, Estatu espainiarrak barne, langabeziaren eragin ekonomiko eta sozial ilunak jasaten dituzte; Euskal Autonomia Elkartean (EAEn) ere larria da arazoa: EAEko biztanleria aktiboaren % 23 inguru lanik gabe dago eta gazteen artean, erdira iristen da langabeziaren tasa, % 50era. Zer egin dezakete gure enpresa txikiek enplegua sustatzeko?
Euskal Autonomi Elkarteko manufakturazko industrian 1990. urtean genituen enpresetatik % 97 txikiak ziren, eta enpresa hauei zegokien enplegua manufakturazko industriari zegokion enpleguaren % 48 zen. Enpresa txiki eta ertainak hartuz gero, bi talde hauei enpresen % 99 eta enpleguaren % 80 zegozkien.