Autismoaz, autismoa dutenez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Autismoaz eta autismoa dutenez idatzi dugu erdiko orrialdeetan. Izan ere, joan den maiatzean, Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra egin zen Donostian. Komunikabide askok azpimarratu zutenez, Estatu Batuetatik kanpo egiten zen bigarren aldia zen, eta anglofonoa ez zen herrialde batean egiten zen lehenengoa. Nolanahi ere, lekuan baino arreta handiagoa jarri dugu edukian, eta, alderdi horretatik, biltzarra benetan garrantzitsua iruditu zaigu, aurkeztu dituzten ikerketek itxaropenari leihoak zabaltzen baitizkiete.

Hori baieztatu digu Joaquin Fuentesek, Haurren Psikiatriaren Munduko Elkartearen lehendakariordeak eta biltzarraren antolatzaileak. Hain zuzen, hark azaldu dizkigu biltzarrean aurkeztu diren emaitza esanguratsuenak. Besteak beste, prebalentzia neurtzean eta diagnostiko goiztiarrean, prebentzioan eta tratamenduetan eman dituzten aurrerapausoak nabarmendu ditu.

Esaterako, orain badakite autismoaren ohiko zantzuak agertu baino lehenago, haurrak sei hilabete dituenean, garuneko konexioak ez direla behar bezala osatzen. Horrez gain, frogatu dute haurdunaldiaren aurretik, bitartean eta ondoren azido folikoa hartzeak % 40 gutxitzen duela haurrak autismoa izateko arriskua. Eta dagoeneko hasiak dira autismoa tratatzeko berariazko botikak diseinatzen.

Hala ere, Fuentesek ez ditu ahaztu nahi izan espektro autistaren nahasteen konplexutasuna, ezta inguru hurbilean zein gizarte osoan duten eragina ere. Horregatik jo dugu Ramon Barinagarengana. Gautenako zuzendaria da Barinaga, eta Gautena, berriz, autistei eta haien senideei zerbitzuak emateko eta laguntza eskaintzeko Gipuzkoako elkartea. Ondo ezagutzen du, beraz, autismoa duten pertsonen eta haien ingurukoen egunerokoa.

Barinagaren arabera, eguneroko horretan ez dago aurkikuntza iraultzailerik, baina ukaezina da urtez urte ematen ari diren pausoen balioa, autismoa duten pertsonen ongizatea bermatzeko, eskubideak babesteko, eta autonomia bultzatzeko.

Adibidez, erabakiak hartzen laguntzeko aplikazio bat garatzen ari dira Gaia telekomunikazio klusterrarekin batera, eta laster aurkeztuko dute. Barinaga beraren ustez, "hori da onena: minusbaliotasuna duen pertsonak berak erabiliko duela, eta berak esango digula zer nahi duen eta zer ez".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila