Bioplastikoak eztabaidagai

Iruin, Juan Jose

EHUko Kimika Fisikoko katedraduna eta polimeroetan aditua

bioplastikoak-eztabaidagai
Arg. Guillermo Roa

Plastikoen urrezko garaia, Robinson jaunak The Graduate filmean Dustin Hoffmani ematen dion aholku hartan islatua (" Plastics is the future ", "Plastikoak dira etorkizuna"), bukatu egin da, eta, seguru asko, betiko. Gaur egun plastiko berri bat merkaturatzea eta salmentetan arrakasta lortzea salbuespena da, araua baino gehiago. Izan ere, historia hurbilean, milaka polimero ditugu Shell-en Carilon izeneko haren modukoak. Merkatuan zegoenik onena zen Carilon, bere erresistentzia kimikoagatik eta termikoagatik, baina 2002an erabat desagertu zen, zergatik inork ez dakiela.

Ziur aski merkatuaren oniritzia jaso duen azken plastikoa dentsitate altuko polietileno lineal deritzona da, hau da, nagusiki etilenoz osatutako kateetan buteno-1 unitateak era kontrolatuan txertatuz lortzen den diseinuzko plastikoa. Beste plastiko batzuk ere badaude, jakina, baina erabilera berezietarako polimeroak izaten dira gehienbat ( specialty polymers ), eta ez erabilera zabaleko polimeroak ( commodity polymers ). Eta, benetan saldu, azken horiek saltzen dira. Erabilera berezietarako polimeroen artean, Triton deritzona dago, Eastman-ek garatutako kopoliester bat, une ezin egokiagoan agertu zena ez oso aspaldi, plastikozko biberoietan erabiltzen zen polikarbonatoaren aurka (PC) polemika bizia zebilen garaian. Bisfenol A (BPA) abiapuntutzat erabiliz ekoizten zen polikarbonatoa, baina BPA kantitate txikiek biberoiaren edukira migratzeko arriskuak soken kontra jarria zuen. Gaur egun, biberoi-ekoizle gehienek alboratuta daukate polikarbonatoa, eta Tritona erabiltzen dute haren ordez, marketin-estrategia erakargarria erabil baitezakete horrela iragarkietan " BPA free " aipatuz.

Merkatuan txoko bat lortzeko lehian diharduten polimero bakanen arteko batzuek darabilten kontzeptua da biomasatik lortutako materialetan oinarritzea, eta, beren bizitzaren azken partean, biodegradatu eta konpostatzeko modukoak izatea, hau da, denbora-tarte ez oso luze baten buruan mikroorganismoek desegitea, eta CO 2 -a eta ura bakarrik sortzea. Poliazido laktikoa da horietako bat (NatureWorks-en Ingeo deritzona), eta polihidroxibutiratoa, beste bat (Metabolix-en MIrel deritzona). Biak lortzen dira karbohidratotan aberats den biomasatik, eta biak dira ontzietan tradizioz erabili izan diren polimeroen ordezko duinak.

Baina edari- eta janari-konpainia handiek, gizartean plastikozko ontziek gero eta aurkari gehiago dituztelako arduratuta dauden arren, ez dute kontua argi eta garbi ikusten. Udan New Yorken izan den konferentzia batean (BioPlastek Forum-en) ikusi denez, Coca Cola, Pepsi, Heinz eta beste konpainia handi batzuek badirudi nahiago dituztela betiko plastiko ez-biodegradagarriak baina iturri berriztagarriak erabiliz lortuak. Aukera berrietara --poliazido laktikora, kasurako-- ez aldatzeko arrazoien funtsa da polimero hori ez dela ondo egokitzen ez konpainien ekipamenduetara, ez premietara, baina polietilenoa (PE) eta polietilentereftalatoa (PET), bai. Talde ekologista batzuen ustez ere, edari-ontzietan eta antzekoetan hobe da material bat bakarrik birziklatu behar izatea (PET, adibidez), eta ez biren nahaste bat (eta horretara iritsiko ginateke merkatuan PET eta poliazido laktikoa lehiatuko balira).

Iturri berriztagarrietatik orain lor daitezkeen betiko polimero horietako bat polietilenoa bera da, Braskem brasildar konpainia gai baita azukre-kanaberatik ekoizteko, kanaberaren hartziduratik eratorritako etanoletik lortutako etilenoa erabiliz. Era horretan lortutako polimero eta kopolimeroetan, etilenoaren % 100era bitarte izan daiteke jasangarria, hau da, fotosintesiaren bidez lortua, eta CO 2 -aren zero emisioduna, baita plastiko horiek erraustuta ere.

Nolanahi ere, badirudi borroka nagusia polietilentereftalato (PET) polimeroa deritzon hori ordeztea dela, petroliotik eratorritako substantzietatik sintetizatzen baita gaur gaurkoz. Helburua litzateke partzialki edo erabat iturri berriztagarrietatik datozen PET mota berriak edo antzeko polimeroak lortzea. Lehenengo urratsa emanda dago. Coca Cola eta Heinz konpainiek Plant Bottle deritzon materiala erabiltzen dute beren produktuak botilaratzeko, hau da, azido tereftalikoa (petroliotik eratorria) eta etilen glikola (biomasatik eratorria) erabiliz lortzen den PET polimeroa. Horrek esan nahi du PET horren % 30 iturri berriztagarri batetik eratorria dela.

Egin den hurrengo urratsak instalazio pilotu itxura du dagoeneko; Pepsirena da. Biomasa abiapuntu hartuta, zenbait bidezidor sintetiko erabil daitezke p -xilenora iristeko, eta hortik azido tereftalikoa lortzeko. Hala, PET lortzeko behar diren bi lehengaiak iturri berriztagarrietatik iritsiko lirateke merkatura.

Hala ere, bada PET "berde"aren ordezko beste aukera drastikoago bat: azido tereftalikoaren ordez azido furanikoa erabiltzea. Azido furanikoa ligninetatik eta landareen beste azpiproduktu batzuetatik lor daiteke, eta, haren eratorriz, polietilenfuranato bat, PET beraren antzeko ezaugarriak eta agian hobeak dituena, oxigenoaren iragazkortasunarekiko erresistentzia, adibidez; izan ere, ezaugarri hori falta zuenez, PET ezin izan da orain arte garagardoentzako botilen merkatuan sartu.

Beraz, behar ote ditugu benetan polimero biodegradagarriak eta konpost bihurtzeko modukoak? Bada, agian bai. AEBn eta Europan erabilera bakarreko poltsei buruz (bitxia definizioa) onartu berri dituzten araudien ondorioz, konpost bihurtzeko moduko materialetakoak bakarrik izango dira aurki poltsak. Beste hainbeste esan daiteke gauzak ontziratzeko erabiltzen diren filmez, ontzia ireki bezain laster zakarretara doazen filmez; edo nekazaritzan kimuen babesgarri gisa erabiltzen diren filmez. Kasu horietan, hasieran aipatu ditugun polimeroek --poliazido laktikoak eta polihidroxibutiratoak-- negozio-nitxo esanguratsuak okupa ditzakete fabrikazioan dituzten eragozpenak zuzentzen badituzte. Baina beste polimero batzuk ere urrezko aukeraren zain daude, hala nola BASFen Ecoflex kopolimeroa, zeinak, petroliotik eratorri arren, biodegradazio- eta konpostaje-estandarrak oso ondo betetzen baititu, arestian aipatu ditugun landare-jatorriko bi polimero horiek baino hobeto.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.