Zuhaitz txiki, dotore, babestua,... gorostia!

FITXA TEKNIKOA Gorostia

Familia honen barruan 4 genero eta 400 bat espezie inguru ezagutzen dira; gehienak Ilex generokoak. Aztergai dugun gorostia, zuhaiska edo zuhaitz txikia izaten da; 10 m rainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaska izaten da gaztetan, ondoren arre bihurtzen delarik. Adarrak tente ditu bortizki; berde distiratsu tipikoak. Hostoak, iraunkorrak eta oso koriazeoak, obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, hortz zorrotzez hornituak dira, nahiz eta zenbaitetan ertza leuna izan.

Hostoak berde ilunak dira gainaldetik eta oso distiratsuak. Azpialdea berriz, kolore nahiz distira aldetik motelagoa du. Gorostia landare diakoa da. Loreak oso txikiak, txuri edo arrosak, izaten dira. Fruitua baia txiki bat da; kolore gorri bizikoa eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena sortzen duena. Apiriletik ekainera bitartean loratzen da eta fruituak udazkenean heltzen dira, askotan hurrengo udaberrira arte zuhaitzean geratzen direlarik.

J. Terés

Banaketari dagokionez, ia Europa osoan zehar dago, Asiako alde gehienetan eta Afrikako Iparraldean ere bai. Euskal Herrian, hegoaldean eta Pirinioetako mendi gailurretan izan ezik, gainerako lurraldeetan bananduta dago, lurzoru azidoak begikoak dituelarik. Normalean, baso desberdinetan (pagadietan, hariztietan,...) eta horien ordezko komunitateetan zabaltzen da.

Bere zura oso gogorra eta astuna izaten da, tornularitzan eta zurgintzan estimatua eta erabilia, nahiz eta lantzen zaila izan. Bere azaletik biska lortzeko eta Eguberrietako apaingarriak lortzeko etengabe jasandako adar-mozketek espezie honetan sarraski handia eragin dute. Horregatik, eta animalia desberdinentzat neguko jana lortu edo babesa aurkitzeko oso zuhaitz garrantzitsua denez, legez babestuta dago eta ezin da inola ere moztu edo suntsitu.

Sendabelartzat ere erabili ohi da gorostia; toniko, sudorifiko eta sukarraren kontrako modura. Dituen substantziak taninoak eta gai mikatzak dira. Espezie hau garrantzi ekologiko handikoak izanik eta babestuta dagoela kontsideratuz, lerro hauetatik kontserbatzera eta zabalkuntza naturala bultzatzera animatzen zaituztegu; bera izan baitaiteke gure natura eta ekologia zigortuaren ikur eta itxaropena.

Familia: akifoliazeoak
Espeziea: Ilex aquifolium
Banaketa: banatua
Habitata: basoa
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila