Ness lakuko munstroa fikzio hutsa da zoologo askorentzat. Baina, British Columbiako unibertsitateko ozeanografi irakasle den Paul LeBlond-entzat "Caddy" zientzi puzzlea da. Joan den abenduaren bukaeran Vancouver-en ospatutako zoologoen arteko batzar batean "Cadborosaurus" izaki ezezagunaren biologiari buruzko txosten bat aurkeztu zuen.
"Cadborosaurus" izakia, "Caddy" goitizenez ezagutzen dena, British Columbia eta Oregon-go kostaldean agertu izan omen da. LeBlond-ek dioenez albiste horiek aintzakotzat hartu beharrekoak dira. Gainera, bertako jendeak harrietan eta habeetan animalia hori irudikatu izan du antzinatik.
Azken 60 urtean, Caddy izakiaren ale gazteak eskutan izan dituela jende askok aldarrikatu du. Izaki horri buruzko ezaugarriak aipatzean gehienek gauza bera adierazten dute: lepo luzea, aurrealdean hegats motz zorrotza, zaldi itxurako burua, aho handia eta jirafaren antzeko belarriak.
Zenbait iruditan sugearen itxurako gorputza marrazten diote. Zazpi metro baino luzeagoa omen da eta itsasoko urazpian higitzen da.
LeBlond-ek eta lagunek Victoria-ko Royal British Columbia Museoan lan egiten dute eta aipatu izakien inguruko arrastoak aztertuz, bere biologia eta portaera ondorioztatu nahi dituzte. Besteak beste, Caddy itsas hondoan bizi den izakia izan daitekeela azpimarratzen dute. Hau izan daiteke, hain zuzen ere, hain gutxitan ikusia izanaren arrazoia.