Zikinkeriaren ondorioz gaixotasuna

Aire-poluzioaren arazoa ez da azken hamarkadatara mugatzen den auzia. Jadanik Erdi Aroan airearen poluzioa nahikoa kaltegarria baitzen Bradford Unibertsitateko Charlotte Roberts eta Mary Lewis arkeologoek frogatu ahal izan dutenez. Horretarako Erdi Aroko York eskualdeko hainbat herrixkatako kanposantuetan lurperaturik zeuden 2.000 gorpu baino gehiago aztertu dituzte eta eskualde horretako industriek sortu zuten poluzioaren eraginez populazioaren % 60k sinusitis izan zuela ondorioztatu dute ikerlariek.

Aire-poluzioaren arazoa ez da azken hamarkadatara mugatzen den auzia. Jadanik Erdi Aroan airearen poluzioa nahikoa kaltegarria baitzen.

Lanbidearen eta gaixotasunaren arteko erlazioa ere frogatu nahi izan dute eta horretarako industriguneak eta nekazalguneak ikertu dituzte. Bi gunetako biztanleen portzentaia altu batek sinusitis izan bazuen ere, diferentziak nabarmenak dira gune batetik bestera. Esaterako, industrigunean lurperaturikoetatik % 58k sinusitis izan zuen. Ikerlarien ustez, XIII. mendean eraiki ziren karobiak bereziki kaltegarriak ziren, ke eta sulfuro(IV) oxido ugari isurtzen baitzuten atmosferara eta hori litzateke portzentaia altu horren zergatia.

Bestalde, nekazalguneetako herritarrek ez omen zuten industriguneetako poluzioa jasan, baina % 40k izan omen zuen sinusitisa. Portzentaia horren zergatia azaltzeko unean, etxeetan erabiltzen zen ikatza jo dute erruduntzat ikerlariek. Ikerketak plazaratzen duen beste datu bat, gizonezkoen kopurua emakumezkoena baino handiagoa dela da. Bi datu horiek, lanbidearen eta gaixotasunaren arteko lotura frogatutzat ematera eraman ditu ikerlariak. Amaitzeko esan, hirigune zein nekazalguneetan ingurugiroaren ondorioek osasunean duten eragina aztertzeko egin den lehen ikerketa arkeologikoa izan dela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila