Zientzia hogeita batgarren mendean: konpromiso berria

Joan den ekainaren 26tik uztailaren 2ra Nazioarteko Zientzia Biltzarra egin zuten Budapest-en, Hungarian, Zientzia hogeita batgarren mendean: konpromiso berria izenburupean.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCOk) eta Zientziarako Nazioarteko Kontseiluak (ICSUk) sustatutako biltzarrean zientziaz eta ezagutza zientifikoaz eztabaidatu zuten mundu osoko adituek eta, amaieran, deklarazio bat hitzartu zuten.


Bigarren mende-erdi honetan zientziaren eta gizartearen arteko harremanak aldatu egin dira, eta orain ere aldatzen ari dira, hainbat faktorek eraginda (ezagutza nabarmen gehitu da zientzia-esparru guztietan, komunikazio-maila igo egin da kopuruan zein abiaduran, estatu arteko erakunde eta egitura gehiago dago, estatuen eskuartzea txikiagoa da ekonomian eta gizarte-gaietan, gerra hotza amaituta ikerketa asko berbideratu egin dira...). Bestetik, gizakiak inoiz ez du horrenbesteko ezagutza, informazio eta botererik izan; inoiz ez ditu horrenbeste gauza aurkitu, hobetu eta sortu. Baina horren guztiaren erabilerak inoiz baino "zuhurtasun" handiagoa eskatzen du. Zientzia-ikerlari, hezitzaile, teknologia-ekoizle eta horren guztiaren erabiltzailearen edo hartzailearen arteko harremana iraganean baino konplexuagoa da eta ikerlariak eurak ez diren agente eta eragile gehiagok hartzen du parte.


Horretaz guztiaz hitz egin eta eztabaidatzeko antolatu zuten UNESCO eta ICSUk biltzarra eta horretan aritu ondoren, azken egunean, Zientzia eta zientzia-ezagutzaren erabilerari buruzko deklarazioa plazaratu zuten bertan partaide izan zirenek. Deklarazioak lau oinarri ditu:


1) zientzia ezagutzarako; ezagutza aurrerapenerako;
2) zientzia bakerako;
3) zientzia garapenerako eta
4) zientzia gizartean eta gizartearentzat.

Oinarri horiek garatu eta aurrera eramateko, berriz, Zientzia-agenda – Ekintzarako ildoak izeneko dokumentua adostu zuten eta UNESCO eta ICSUri deklarazioa zein dokumentua euren Biltzar Nagusiei helaraztea eskatu.

Deklarazioak eta dokumentuak Nazio Batuen Batzar Orokorraren atxikipena ere jaso beharko lukete. Helburua bi erakundeek euren programetan ekintza osagarriak indarrean jartzea eta zerikusirik duten agente guztien atxikipena, bereziki Nazio Batuekin harremana dutenena, lortzea da, zientzian nazioarteko koordinazioa eta lankidetza lortzearren.


Informazio gehiago eta deklarazioaren zein dokumentuaren testu osoa eskuratu nahi izanez gero UNESCOren web-orrian aurkituko dituzue: http://www.unesco.org/science/wcs/eng/. "

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila