Ilargia horizontean egon edo zenitean egon, tamaina ezberdina du gure begientzat. Ikertzaileek aspaldidanik dakite efektu hori ilusio optikoa besterik ez dela, baina ilusioaren zergatia frogatu gabe zegoen. Bi ziren azalpen probableenak. Bataren arabera horizontetik gertu dagoen Ilargiaren tamaina eta distantzia kalkulatzeko, horizontean ikusten ditugun beste objektuak erabiltzen ditugu erreferentziatzat eta horiekiko Ilargia oso urrun dagoela iruditzen zaigu.
Ilargia zenitean dagoenean berriz, ez daukagu lehengo erreferentzia-punturik eta ilargia hurbilago dagoelako irudipena daukagu. Bi kasuetan ordea, Ilargiaren irudiak azalera berbera betetzen du erretinan eta horregatik, horizonteko Ilargia zenitekoa baino handiagoa dela ondorioztatzen du garunak. Beste azalpenak kontrakoa zioen. Zeru hutsean dagoen Ilargia horizontean dagoena baino urrutiago dagoela iruditzen zaigu eta urrutiago dagoenez, txikiagoa ikusten dugu.
Kaufman aita-semeek ispilu batekin eta Ilargi faltsuekin eginiko esperientziek lehenengo teoria dagoela zuzen ondorioztatu berri dute. Baina zergatik ustez urrutien dagoen Ilargiak, hau da, horizontekoak, hurbilago dirudi? Ilargiaren ustezko distantziaren kalkulua garunaren eragiketa inkontzientea delako eta gure esperientzia kontzientearekiko —horizonteko Ilargia hurbilago iruditzearekiko— kontrajarria izan daitekeelako.