Laster iparraldeko baso eta mendietan zabiltzalarik irudiko tresna ikusten baduzu, ez pentsa haizerrota-eredu berrirren bat edota antenaren bat denik. Estazio meteorologiko automatiko bat da eta aurki horrelako 2.500 inguru jarriko dira Frantzia osoan.
Orain arte, estazio meteorologikoak eskola, gendarmeri etxe, komentu eta zenbait baserritan jartzen ziren. Egunero ordu jakin batzuetan maisuak, gendarmeak, fraideak edo baserritarrak bertara joan, datuak bildu eta estazio meteorologiko nagusietara bidali behar izaten zituen. Askotan akatsak gertatzen ziren: datuak biltzera joan behar zuenak huts egiten zuen, datuak gaizki biltzen zituen edo datuen transmisioan hutsen bat gertatzen zen.
Estazio berriek honelako arazoei aurre egingo diete.
Estazio hauek ordenadore txiki bat dute eta honen memorian datuak gordetzen dituzte. Gainera telefono-sareari lotuta daude eta datuak ezagutzea nahi denean, Minitelaren bidez estazio bakoitzaren telefono-zenbakia markatzea besterik ez da egin behar. Estazioak datu guztiak emango dizkizu. Datu guztiak horrela, estazio meteorologiko nagusien ordenadoreetara jasoko dira.