Zelula helduetatik abiatuta zelula amak lortzeko ikerketetan, emaitza onak izaten ari dira lehenik zelulak hilezkor bihurtzean oinarritzen den metodo batekin. Horrek frogatzen du zelulen birprogramazioa eta minbiziaren sorrera erlazionatuta daudela.
Zelulak hilezkor egiteko, p53 bidezidorra blokeatzen dute. Hain zuzen ere, zelulak minbizi-zelula bihurtzea eragozten du bidezidor horrek. Bost ikertzaile-talde ari dira lanean metodo honekin, eta emaitzak oso onak dira.
Izan ere, induzitutako zelula ama pluripotenteak sortzea lortu zutenetik, hainbat metodo garatu dituzte halako zelulak egiteko, baina arrakasta txikia izaten dute (zelula helduen % 1 baino gutxiago bihurtzen da zelula ama). Aitzitik, p53 bidezidorra blokeatzean oinarritzen den metodoaren bitartez, eta erreprogramazioan normalean erabiltzen diren lau faktoreak daramatzaten birusak erabilita, azaleko zelulen % 10 bihurtzen dute zelula ama.
Izatez, askok erabiltzen dituzte lau faktore horiek, era batera zein bestera, segurtasuna bermatu nahian. Orain frogatu dute horrekin batera p53 bidezidorra blokeatzen badute emaitzak askoz hobeak direla. Bost lantaldeek aldi berean argitaratu dituzte beren lanak Nature aldizkarian.