Zelula ametatik zelula espezializatuetarako urratsa nola gertatzen den azaltzeko froga argi bat aurkeztu du Michigango Unibertsitateko ikertzaile-talde batek lehen aldiz. Izan ere, zelula guztiek informazio genetiko bera dute, zigotoa sortzean obuluak eta espermatozoideak zutena. Zelula bakar horren bikoizketetatik sortzen dira gainerako guztiak, zelula amak bikoiztu ahala pixkanaka diferentziatuz eta espezializatuz joaten baitira.
Ikerketan, hain zuzen, diferentziazio hori zeri jarraituz gertatzen den argitzen saiatu dira ikertzaileak, hau da, nola zelula ama batetik bi lerro zelular desberdin ateratzen diren. Ikerketan, zehazki, fruta-euliaren (Drosophila) barrabiletako zelula amak izan zituzten aztergai. Izan ere, zelula ama horiek, bikoiztean, beste zelula ama bat eta espermatozoide iristera iritsiko den zelula bat (gonioblastoa) ematen dituzte.
Bada, ikertzaileek kromosoma guztien kopiak markatu zituzten, eta, hala, jatorrizko zelulatik ondorengo zeluletara nola mugitzen diren aztertu ahal izan zuten. Ikusi zutenez, X eta Y kromosomak, eta ez besterik, desberdin mugitu ziren zelula-mota bakoitzera. Ikertzaileek uste dute horren arabera izango dela zelula-mota bat edo bestea. “Oraindik ez dakigu zergatik mugitzen diren X eta Y kromosomen kopiak zorizkoa ez den modu batean. Agian, informazio epigenetiko espezifikoa transmititzen dute zelula-mota bakoitzera”, adierazi du Yukiko Yamashita taldeko ikertzaileak.
Hurrengo urrats gisa, ikusi nahi dute fruta-eulian behatutako banaketa berezitu hori ugaztunetan ere gertatzen den.