Zein da benetan ekologista?

Naturarentzako Mundu Fondoa (WWF) munduko herri bakoitzak ingurugiroan duen eragina aztertzen aritu da eta Genevako bileran aurkeztutako txosten batean munduko herri suntsikorrenen zerrenda aurkeztu du.

Sekulako eztabaida eragin du. Txosten honen arabera ustez ingurugiroan eragin txikia duten herriak, hala nola Norvegia edo Dinamarka zerrendaren lehen tokietan agertzen dira. Herri bakoitzak ingurugiroan duen eragina neurtzeko baliabide naturalen ustiaketa (nekazaritza, itsas arrantza, egurgintza eta ur gezaren erabilera), karbono (IV) oxidoaren igorpen-maila eta eremu naturalen eraldaketa neurtu dira. Adibidez, Norvegian munduko beste herrietan baino 10 aldiz gehiago arrantzatzen da, Estatu Batuetan zerealen kontsumoa batez bestekoaren bikoitza da, eta Suedian inon baino egur gehiago mozten da.

Txostenaren arabera, herri guztietan ingurugiroa gehien errespetatzen duena Bangla Desh da. Dena dela, sailkapen hau ez da erabat objetiboa, eragin-mota batzuei besteei baino pisu handiagoa eman baitzaie WWF erakundearen irizpideei jarraituz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila