Nature aldizkariak zelula amei buruz argitaratu duen artikulu batek dezenteko oihartzuna izan du ikerketa-arlo horretan. Hain zuzen ere, induzitutako zelula amek duten arazo bat nabarmentzen du "Hotspots of aberrant epigenomic reprogramming in human induced pluripotent stem cells" artikuluak.
Ikerketaren burua Salk Institutuko Joseph Ecker da, eta Estatu Batuetako zentro garrantzitsuenetako ikertzaileek parte hartu dute. Berez, induzitutako zelula amek itxaropen handia sortu dute ikertzaileen artean, zelula ama enbrionarioen antzeko ezaugarriak dituztenez, ez dutelako arazo etikorik sortzen.
Alabaina, orain erakutsi dutenez, litekeena da induzitutako zelula amak ez izatea erabilgarriak tratamenduetan, aldaketa epigenetikoen ondorioz. Aldaketa epigenetikoek geneen espresioa aldatzen dute; aktibatu edo inaktibatu egiten dute, DNA aldatu gabe. Bada, induzitutako zelula amek helduak izan direlako oroimena gordetzen dute genoman, eta marka epigenetiko horiek haietatik eratorritako edozein ehunetan edo organoetan irauten dute.
Gurutz Linazasororen ustez, ikerketak agerian jarri du birprogramatutako zelula pluripotenteak sortzeko teknologia "ez dela perfektua" oraindik. Zelula amen ikerketan eta medikuntza birsortzailean espezializatutako Inbiomed Fundazioaren lehendakaria da Linazasoro, eta, hark azaltzen duenez, prozesu epigenetiko garrantzitsuenetako bat histonen metilazioa da.
Larruazaleko zelula helduetatik eratorritako zelula ama induzituak zelula ama enbrionarioekin alderatu dituzte, eta aldaketak aurkitu dituzte metilazio-ereduan. Adibidez, zelula helduetan metilatuta dauden genoma-zati batzuk hala daude haietatik eratorritako zelula ametan, baina ez enbrionarioetan. Hori da "diferentzia garrantzitsuena", Linazasororen esanean.
Hala eta guztiz ere, Linazasororen iritziz, oztopo hori ez da gaindiezina, "zelulen birprogramazioaren oinarri zientifikoa oso sendoa baita".