Willian Shockley hil da

Transistorearen aita, William Shockley fisikari ingelesa, joan den abuztuaren 11n hil zen Kalifornian. Shockley Londresen jaio zen 1910.eko otsailaren 13an. Unibertsitate-ikasketak Kaliforniako Teknologi Institutuan egin zituen eta doktoregoa Masatxusets-eko Teknologi Institutuan lortu zuen 1936.ean. Ondoren Bell Telephone-ko Ikerketa-laborategian hasi zen lanean. Bertan John Bardeen eta Walter H. Brittain-en laguntzaz transistorea asmatu zuen 1948.ean.

Egin dezagun histori apur bat. Kristal batzuk korronte-zuzentzaile moduan lan egin zezaketela gauza jakina izan zen. Zuzentzaileek korronte elektrikoa norantza bakar batean pasatzen uzten dute.

Irrati-aparatuek korronte alternoz funtzionatzen dutenean, korronte zuzentzaileak behar dituzte. Hasiera bateko irrati-aparatuetan kristalak erabili ziren asmo horrekin. Gero, irrati-balbulak agertu zirenean, kristalak alde batera utzi eta balbulak erabiltzen hasi ziren, efikazagoak eta sinpleagoak zirelako.

Schockleyk eta bere lankideek, ezpurutasunak dituzten germanio-kristalak ordurarte erabilitako korronte-zuzentzaileak baino askoz hobeak zirela aurkitu zuten. Bi moduko ezpurutasunak ziren. Alde batetik, germanioaren kristal-sarera sartzen ez ziren elektroiak ziren. Orduan, potentzial elektrikoa aplikatzean korrontea elektrodo positiborantz joango da eta ez negatiborantz.

Bestetik, ezpurutasunak kristal-sarean dauden elektroi-zuloak izan daitezke. Kasu horretan, korronte elektrikoa elektrodo negatiborantz joango da eta ez positiborantz.

Zuzentzaile-mota berri honi transistor izena jarri zioten. Transistoreen fabrikazioa estandarizatu eta produktuaren fidagarritasuna segurtatu zenean, transistoreek balbulak ordezkatu zituzten eta tresnen miniaturizazioa hasi zen.

Aurkikuntza honexegatik Shockley, Bardeen eta Brittain-ek Fisikazko Nobel Saria jaso zuten 1956.ean.

1955.ean Shockley EEBBtako Defentsa-Saileko Weapons Systems Evaluation Group izenekoaren buru izendatu zuten eta 1963.ean Stanford Unibertsitateko irakasle ere bai.

Nobel Saria jaso ondoren, beste Nobel saridun gutxi batzuen kasuan gertatu bezala, edozein gauzari buruz pisukoz eritua ematea zilegi zuela iruditu zitzaion Shockleyri. Nobel Sariaren onarpen sozial zabala izaten da jokibide horren kausa.

Shockelyk antropologia soziala eta genetika aukeratu zituen bere eritua kaleratzeko. Bere punturik nagusiena zera zen: adimena heredagarri izatear Beraz, zuriak beltzak baino adimentsuagoak dira genetikoki hobeak direlako. Bestetik, adimen-koefizientea 100 baino txikiagokoak esterilizatzea proposatu zuen. Hori bai, indemnizazio ekonomikoa izango zuten.

Bestetik, jeinuen agerpena faktore heredagarrien menpe zegoela uste zuenez, Kalifornian jeinuak hazteko hazi-bankua ireki zenean emailetako bat izan zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila