Viking zunden emaitzak berrikusten

Marten ura eta, beharbada, bizia dagoen edo egon zen eztabaidatzen ari gara egunotan. Baina eztabaida ez da berria. 1976. urtean Viking zunda bikiak Martera iritsi zirenean ikertzaileek galdera bera zerabilten buruan bueltaka eta, erantzunaren bila, hainbat saiakuntza egin ziren.

Labeled Release (LR) zeritzon saiakuntzak jarduera metabolikoa izan zitekeena detektatu bazuen ere, GCMS zeritzonak ez zuen lagin berean molekula organikorik aurkitu. Molekula organikorik gabe bizirik ez dagoenez, jarduera kimikoa bai baina biologikoa ez zegoela ondorioztatu zen. Baina ikertzaile guztiek ez zuten emaitza aho batez onartu. Izan ere, bi saiakuntzak Antartidan, bizia dagoela jakin badakigun tokian, frogatu zirenean, LRak bizia detektatu zuen eta GCMSak, berriz, ez. Bigarren saiakuntzak, beraz, ez zuen lehenengoaren emaitzak ezeztatzeko baliorik.

Hori diote, behintzat, Marten bizia badagoela defendatzen dutenek; are gehiago, orain uraren arrastoak aurkitu direnean. Bestalde, duela 25 urte detektatutako jarduerari inolako azalpenik ematea lortu ez dela ere argudiatzen dute. Zalantzak 2003. urtean Europako Espazio Agentziak planeta gorrirantz bidaliko duen Mars Express misioak argituko ditu, beharbada.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila