Viagrak obesitateari aurre egiteko balio duela frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

viagrak-obesitateari-aurre-egiteko-balio-duela-fro
Viagra-pilulak. Arg. SElefant (Wikipedia)

Ikertzaileak aspaldi jabetu ziren sildenafilak, Viagrak, alegia, obesitateari aurre egiteko balio duela. Hain zuzen, epe luzean sildenafila hartzen zuten saguak ez ziren gizentzen, kaloria eta gantz askoko dieta emanda ere. Orain, hori zer mekanismoren bidez gertatzen den argitu dute Bonn Unibertsitateko ikertzaileek (Alemania).

Ikertzaileek saguekin egin dituzte esperimentuak, eta ikusi dute sildenafilak gantz-zelulak aldatzen dituela: gantz-zelula zuriak arre bihurtzen ditu; hau da, obesitatearekin eta harekin lotutako gaitzekin erlazionatzen den gantz-mota osasunean kalterik eragiten ez duen gantz bilakatzen du. Izan ere, gantz zuria energia-biltegia da, eta arreak, berriz, energia erre eta bero bihurtzen du. 

Horrez gain, gantz zuriak gaixotasun kronikoen arriskua areagotzen du, hantura eragiten duten hormonak sintetizatu eta jariatzen dituelako. Bada, sildenafilak ondorio hori ere eragozten duela frogatu dute ikertzaileek.  

Esperimentuen emaitzak itxaropentsuak badira ere, ikertzaileek ohartarazi dute ez dela zuzena pentsatzea hurrengo argaltzeko pilula sildenafila izango dela. Hori baino lehen, saguetan ikusitako ondorioak pertsonetan ere gertatzen direla baieztatu behar dute, eta, hala izanda ere, bide luzea geratuko litzateke horretarako.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila