Urrutiko espazio-ontzien jokaera bitxia

Duela 30 urte espaziora jaurtiki ziren espazio-zundak NASAko fisikariengan kezka handia sortzen hasi dira, duten jokaera bitxia dela eta. Zunda guztiak espero baino azkarrago ari dira gelditzen, eta badirudi jasaten ari diren grabitazio-indarra fisikak aurreikusten duenaren desberdina dela. Pioneer 10 espazio-zundaren abiadura kalkulatu asmoz zundaren irrati-seinaleak aztertzen hasi zirenean, ikerlariek zundaren azelerazioan anormaltasun sintomatiko bat aurkitu zuten, lortutako datuak espero ziren emaitzetatik urruntzen hasi baitziren.

Irrati-seinaleen bidez zundaren azelerazioa sekulako zehaztasunez kalkula daiteke, eta hori ulertzeko pentsa dezagun zundak duen anormaltasuna 80x10-6 cm/s2-koa dela; azelerazio honekin 60 kilometro orduko abiadura duen autoa gelditzeko 650 urte beharko lirateke. Zehaztasun handiko datuekin lan egiten duten ikerlarientzat ordea, diferentzia hau ez da txantxetan hartzekoa, eta ikerlariak anormaltasun honen arrazoia bilatzen hasi ziren berehala. Hasieran neurketa-sistemaren arazo bat izan zitekeela uste bazen ere, beste zundetako datuetan anormaltasun berdina aurkitu dute eta, beraz, NASAko agintariengan kezka sortu da. Agian eguzki-sistemaren kanpoaldean ez dira baliagarriak fisikaren egungo legeak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila