Urtarrilean amerikarrek igorritako "Voyager 2" zunda espaziala Uranora hurbildu zen. Bere bidaia luzean hau zen bisitatzen zuen hirugarren planeta. Lehendabizi Jupiter planeta erraldoiari buruz eman zigun hainbat berri interesgarri. Bigarrenez, eraztunez inguratuta dagoen Saturno liluragarriaz ikuspegi berri bat azaldu zigun. Eta hirugarrenez, Eguzki-sistematik urrunduko duen bere bidaia luzean, Uranorekin egin du topo.
Kasu honetan ehunmilaka kilometrotan zehar igorritako argazki eta datuek ere, hamaika puntu argitu dute Uranori buruz.
Aipamen soil eta labur honetan, Uranoren sateliteez lortutako datuez arituko gara soil-soilik. Bost dira Uranoren satelite nagusiak: Miranda, Ariel, Unbriel, Oberon eta Titania.
Argazkian Uranoren bost satelite nagusien tamaina erlatiboa daukagu. Irudi hau Voyager 2-a Uranotik 5 milioi kolometrora zegoenean hartu zen. Nabari da sateliteok duten albedo desberdina. Albedoak isladatzen den erradioazioa ematen digu. Unbriel-ek, bere izenari kasu eginez, isladatzen du argirik gutxiena; jasotzen duenaren %12a. Ariel eta Mirandak %30a isladatzen dute eta Titania eta Oberon-ek, %20a.
Hau da ilargietan txikiena. 4A argazkia, 30.000-40.000 km-ko distantziatik hartutako zenbait argazkiren muntaia da. Distantzia honetatik lortzen den erresoluzioa oso handia da; 560-740 m tartekoa. Bi izaera desberdineko lurrak ageri dira argazkian. Bata kratere txikiz estalita dago (meteoritoen inpaktua adierazten du) eta bestea faila luzez ebakia.
Itxura denez Mirandan higidura tekloniko ugari dago, 4B argazkian ikusten diren labar eta ibarrek adierazten dutenez. Behekaldean dagoen inpaktu-kratereak 15 km-ko erradioa du.
600.000 km-tik hartutako argazkiak (6 Argazkia) inpaktu-kratere asko erakusten du. Oberongo kratereak izotzezko eraztun distiratsuz inguratuta daude. Oberonek, Kalixtoren (Jupiterren satelitearen) antz handia du. Argazkiaren erdian izotz gainean dagoen orban ilunak, garai baten sumendi-aktibitatea egon zela adieraz lezake. Ezkerrean behekaldean, 6 bat km-ko altuera duen mendi bat ikusten da.
Titaniak 1600 Km-ko diametroa izanik, Uranoren sateliterik handiena da. 7 Argazkian (369.000 km-tik hartua dago) beste sateliteen kasuan bezala kratere asko ikusten da. Hala ere, ikusten diren arroileak aktibitate tektonikoaren seinale dira.
Unbriel sateliterik ilunena da eta kontraste handirik gabeko gainazala aurkezten du. 6 Argazkiak 19 km-ko erresoluzioa du eta inpaktu-karaktere ugariak daudela erakusten du. Termitatorearen inguruan (hau da alderdi ilun eta argia bereizten dituen lerroa) dagoen eraztun-itxurako orbanaren izaera geologikoa, msteriotsua da. Unbrielek 1200 km-ko diametroa du.
Arielen gainazalaren konplexutasunak historia geologiko luzea adierazten du (5A argazkia). 130.000 km-tik hartua dago (2,4 km-ko erresoluzioa ematen du.
Azalean dauden kratere ugariek bonbardaketa luzea pairatu behar izan duela adierazten dute. Bestalde, 5B argazkiko ibarrak aktibitate tektonikoaren seinale dira alde batetik eta duten itxura inoiz materia isurgarriz estalita egon direla seinala dezakete.