Duela berrehun urte eta hiru hilabete, Prussiako Zientzietarako Erret Akademiako Martin Heinrich Klaproth kimikariak elementu berri baten aurkikuntzaren berri eman zuen Berlinen. Uranus izena eman zion, zortzi urte lehenago Herschel-ek aurkitutako planeta berriaren omenez.
Bohemia-ko Joagimstal izeneko meategitan pekblenda izeneko minerala ezagutzen zen XVIII. mendeko hasieratik. Mea-zulotan fluoreszentzia sortzen zuen mineralak. Ezaugarri horrek Klaproth-en jakinminari eragin zion eta fluoreszentziaren iturri zehatza aurkitzea erabaki zuen.
Zenbait kilo pekblenda abiapuntutzat harturik, itxura erdimetalikoko hauts beltza isolatu zuen; Uranus izeneko elementu berria. Dena den, Klaproth-ek ez zuen uranio hutsa aurkitu; bere oxido bat baizik. Metal hutsa 1841.ean isolatu zuen Eugène Melchoir Périgot kimikari frantsesak.