Itsasoaren ur-maila etengabe gora doa. Topex-Poseidon sateliteak igorritako datuen arabera, azken 10 urteotan 3,7 milimetro igo da eta ez dirudi joera horren aurka ezer egiterik dagoenik oraingoz.
Igoera horren arrazoiak asko izan litezke. Aldian aldiko fenomenoez landa, berotegi efektuaren ondoriotzat jo izan den klima-aldaketa aipatzen da eragile nagusitzat, baina ez dago oraindik erabateko segurtasunik. Datu gehiago behar da eta horretarako oso baliogarria gertatu da Topex-Poseidon satelitea. Bere lanaldia ordea, aurki amaituko da.
1992an jaurti zuten satelite hori eta 1999an amaituko da bere behaketa-lana. Urte horretatik aurrera izan ere, sateliteak erabiltzen dituen eguzki-zelulak erabat hondaturik egongo dira erradiazioaren eraginez. Oraingoz ez dago satelite hori ordezkatzeko proiekturik eta ondorioz, beharrezkoak diren datu horiek eskuratzeak luze jo dezakeela iragar genezake. Denborak esango du.