Elektrizitatea tunel-efektuan oinarrituta transmititzen duen material berri bat erabiliko dute, aurki, gailu mugikorrak fabrikatzen dituzten hainbat etxek. Peratech enpresa ingelesaren "Quantum Tunneling Composite" konposatuak ukipen-pantailak egiteko balioko du. Horri esker, pantailari egiten zaion presioaren arabera, azkarrago edo mantsoago egin ahal izango da gora edo behera zerrendetan eta orrietan.
Materialak, oinarrian, mazo puntadunen itxurako nanopartikula eroaleak ditu, polimero batean berdin banatuta. Partikulek ez dute elkar ukitzen, baina, pantailari egiten zaion presioaren arabera, materiala hein berean deformatuko da, eta partikulak gehiago edo gutxiago hurbilduko zaizkio elkarri. Eta, zenbat eta hurbilago egon, aukera gehiago dago partikulen artean tunel-efektu deritzon fenomeno kuantikoa gertatzeko, eta, horrenbestez, korronte gehiago edo gutxiago pasatzeko.
Mekanika kuantikoak dio partikula batzuk gai direla barrera edo inpedantzia jakin batzuk zeharkatzeko, mekanika klasikoaren arabera mugimendu hori egiteko energia nahikorik ez badute ere; hori da, hitz gutxitan, tunel-efektua. Bada, kasu honetan, nanopartikulen arteko materiala da elektrizitateak zeharkatzen duen barrera.