Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, ukimenarekiko sentikorra den interfaze bat garatzea lortu dute. Informazioa bibrazio mekanikoen bitartez komunikatzen du gailuak; hortaz, nolabaiteko azal sintetiko baten modura erabil daiteke. Interfaze berria, besteak beste, eskuen protesietan erabil ahal izango da, protesiak eusten duen objektuaren informazio sentsoriala emateko. Baina erabilera xelebreagoak ere aurreikusi dituzte: adibidez, bideo-jokoetan kolpeak sentitzeko, edota sare sozialen bidez laztan birtualak bidaltzeko.
Ikusmenaren eta entzumenaren aldean, oso gutxi garatu dira orain arte ukimenaren interfaze sentsorialak. Aurretik saiatu izan dira azala sortzen errealitate birtualerako, baina emaitzak eskasak ziren: elektrodoen bidez bibrazioak sortzen zituzten, baina oso zaila zitzaien tentsio- eta korronte-konbinazio egokiak lortzea, hortaz mina eta lesioak sortzen zituzten azalean. Azal honek, ordea, material leun eta malgu batean integratuta ditu osagai bibragailuak, eta “komunikazio atsegina” lortzen du, egileen arabera. Haririk gabekoa eta programagarria dela ere esan dute, azalaren azalera kurbatuetara ondo egokitzen dena, gainera.
Elhuyarrek garatutako teknologia