Uharteak lurrazalaren % 5 baino zertxobait gehiago ez badira ere, haietan bizi dira munduko landare espezie guztien % 31. Hori frogatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Zehazki, 304.103 landare baskularri baino gehiagori buruzko datuak aztertu dituzte ikertzaileek, eta agerian jarri dute uharteetako dibertsitatea: 94.052 espezie irletako natiboak dira, eta horietatik 63.280, endemikoak; hau da, ez dira beste inon bizi.
Landare baskularrak Lurreko landare gehienak dira: zuhaitzak, zuhaixkak, belarrak (gramineoak, adibidez) eta iratzeak. Ligninadun sistema baskularra dute, goroldioek eta hepatikoek ez bezala (landare ez-baskularrak ere deitzen zaie). Orain egin duten ikerketari esker, landare arraroenetako batzuen kontserbazio-egoera aztertu, eta horren araberako kontserbazio-estrategiak garatu ditzakete.
Nabarmendu dutenez, uharteen isolamendu geografikoak eta klima eta ingurune bereziek espezie berrien eboluzio-tasa handia eragiten dute. Adibidez, Kanarietan, Crassulaceae taldeko 50 inguru espezie sortu dira, arbaso bakar batetik abiatuta. Leinu hori, gerora, gainerako artxipelago makaronesikoetara eta Afrikara ere iritsi da.
Bestalde, isolamenduan eboluzionatu duten landare asko oso zaurgarriak dira klima-aldaketarekiko. Itsas maila igotzeak eta muturreko fenomeno klimatikoek kalte handia egin diezaiekete. Bildutako datuak, beraz, lagungarriak izango dira babeserako lehentasunak zehazteko.
Elhuyarrek garatutako teknologia