Txinpantze basatiek ere menopausia izaten dutela frogatu dute nazioarteko ikerketa batean. Zehazki, baieztatu dute, Ugandako Kibale Parke Nazionaleko txinpantze emeek beren bizitzaren % 20 ematen dutela bizirik, ugaltzeko gaitasuna galdu ondoren. AEBko Kaliforniako Unibertsitateko eta Alemaniako Max Planck Antropologia Ebolutiboko Institutuko zientzialariek gidatu dute ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dute lana.
Orain arte, zientzialariek uste zuten, gizakiaz gain, itsas ugaztun gutxi batzuek baino ez zutela izaten menopausia, eta amonaren hipotesiaren bitartez azaltzen zuten berezitasun hori. Adibidez, berriki, beste ikerketa batek erakutsi du orka emeek jarraitzen dutela beren kumeekin lotura amatiarra izaten, baita kumeak heldu bilakatzen direnean ere.
Primateetan, ordea, uste zuten ez zutela ugaltzeko ahalmena galtzen, heriotzatik gertu izan arte. Kibalen egindako ikerketak uste hori ezeztatu du, txinpantze eme horiek urte luzez bizi baitira menopausia izan ondoren. Hori bai, ez dute amonaren hipotesiaren aldeko zantzurik aurkitu; alegia, ez dute loturarik beren alabekin ezta haien kumeekin ere.
Horrenbestez, ikertzaileek onartu dute ikerketa gutxi egin direla beste ugaztunek menopausia ote duten argitzeko, eta bizitzaren etapa horretan zer gertatzen den jakiteko.
Elhuyarrek garatutako teknologia