Txinako soroetan izurria zabaldu da kotoi transgenikoa erabiltzeagatik

Txinako soroetan izurria zabaldu da kotoi transgenikoa erabiltzeagatik
2010/07/01 | Elhuyar
Txinako iparraldeko soroetan, Miridae familiako intsektuak 12 aldiz ugariagoak dira kotoi transgenikoa landatzen hasi zirenetik. Arg.: André Karwath/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera.

Txinako Nekazaritza Zientzien Akademiako ikertzaileek jakinarazi dutenez, kotoi transgenikoa landatzeak lehen kontrolpean zeuden intsektuak ugaritzea eta izurri bilakatzea ekarri du. Science zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak, eta izurririk ez izateko transgenikoak landatzea ez dela nahikoa frogatu dute.

1997an baimendu zen Txinan Bt kotoi transgenikoa landatzea. Kotoiari eta beste landare batzuei kalte handia egiten dien har batentzat (Helicoverpa armigera) toxikoa den gene bat du, Bacillus thuringiensis bakterioarena, hain zuzen. Bt kotoia erabiliz gero, nekazariek ez omen zuten harraren aurka pestizidarik erabili beharrik, eta, beraz, lehen baino merkeago ekoiztuko zuten kotoia. Itxaropen horrekin, 4 milioi hektarea kotoi transgeniko baino gehiago daude landatuta Txinan.

Ikertzaileek hamar urtez aztertu dituzte 3 milioi hektarea kotoi eta beste landare batzuen 26 milioi hektarea, Txinako iparraldean. Eta ohartu dira Miridae familiako intsektuak 12 aldiz ugariagoak direla 1997an baino. Hau da, izurri bihurtu dira.

Horrez gain, frogatu dute kotoi transgenikoa landatzea eta zomorroen ugaritzea zuzenean erlazionatuta daudela. Nonbait, nekazariek pestizidak erabiltzeari utzi diotelako gertatu da hori: kotoi transgenikoa landatzen dutenez, ez dute harraren aurkako pestizidarik erabili beharrik, baina, horrekin, beste zomorroei hedatzeko aukera eman diete.

Ikertzaileen esanean, Miridae familiako zomorroak harrak bezain kaltegarriak dira uztarentzat, eta beste landaketa batzuetara ere zabaldu dira, hala nola sojara, zerealetara, barazkietara eta zenbait frutatara.

1
266
2010
7
002
Nekazaritza; Bioteknologia; Ekologia
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila