Tximino matematikariak?

Tximinoak ez dira seguraski matematikari trebeak izango baina, zenbait zientzilariren iritziz, haurrek baino abilezia hobea dute zenbakietarako. Ikertzaile horiek uste dutenez, gramatika zein aritmetikarako gaitasunak oso lotuak daude, bietan pentsatze-egitura bat behar baita.

Adi-adi begiratzen zieten tximinoek ikertzaileak jarritako froga aritmetiko bitxiari. Animalia horiek kenketak eta batuketak egiten dakitela frogatuz gero, tximinoak eta gizakiak zerk bereizten gaituen aurkitu beharko dute zientzilariek.

Aske bizi diren tximinoekin hainbat proba egin ondoren, baieztatu ahal izan du ikertzaile batek primate horiek eragiketa matematikoak egiteko gai direla. Ikertzaileak honako galdera egiten dio bere buruari: “animaliak zuhaitzetik zintzilik banana ikusten du ala hor banana bat dago eta beste bat hartzen badut bi izango ditut esaten dio bere buruari?”.

Erantzuna aurkitu nahian aritmetika-proba bitxia egin zien tximinoei. Berauen begiradapean bi fruta-ale jarri zituen lurrean eta tartean behin, ezkutuan, ale bat kendu egiten zuen. Tximinoen bostetik batek eragiketa osoa bi bider baino gehiagotan begiratu zuen, kenketa bitxiaz harrituta edo.

Baliteke, probek erakutsi dutenez behintzat, primate guztiok (tximinoek zein gizakiok), matematikarako gutxieneko gaitasun berak izatea. Hala ere, ikertzaileak berak aitortu du proba gehiagoren ezean, ezin esan daitekeela tximinoek kenketak eta batuketak menperatzen dituztenik.

Dena dela, ahalmen horrek bi espezieak batzen bagaitu, ikertzaileen lana litzateke gizakia eta tximinoa bereizten dituen ezaugarria aurkitzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila