Tximeletak eta biopestizidak

Gaur egun erabiltzen diren biopestizidak onak izan arren, hauenganako erresistentzia nekazariek uste baino bizkorrago gara daiteke. Plutella xylostella tximeleten ikerketa batek azaldu duenez, erresistentzia urte gutxi batzuetan zabaldu egin daiteke, tximeleta horiek Bacillus thuringiensis bakterioek sortutako toxinekin kontaktuan badaude behintzat. Bakterio honetako mota desberdinek ehundaka Bt toxinak ekoizten dituzte, baina bakan batzuk baino ez dira baliagarriak izurriteei aurre egiteko.

Honenbestez, zientzilariak toxina bakoitzaren aurkako erantzun genetikoa bilatu nahian gogor ari dira lanean. EEBB eta Kanadako ikertzaileek bi tximeleta-mota aztertu dituzte. Mota batekoek Bt toxinen eragin handia jasan zuten eta beste motakoek ez zuten eraginik jaso azkeneko 100 belaunaldietan.

Gurutzatutako esperimentu batzuk egin ostean, ikertzaileak ondorio honetara iritsi dira: toxina batekin bizirik iraun duten tximeleta-kumeak lau toxinekin ere bizirik aterako dira. Ikertzaileek diotenez, tximeleten % 21ek dute erresistentzi genea (biologoek aurrez uste zutena baino askoz ere kopuru handiagoa da).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila