Txertatu gabekoak ere babestu beharraz ohartarazi dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

txertatu-gabekoak-ere-babestu-beharraz-ohartarazi-
Arg. PAHO

Standford Unibertsitateko gaixotasun infekziosoen doktore Abraar Karanen iritziz, beharrezkoa da txertatu gabekoak ez errundutzea eta infekziotik babestea. British Medical Journalen adierazi duenez, txertatu gabekoak ez dira talde homogeneo bat, eta gogorarazi du pandemia ez dutela norbanakoek geraraziko, komunitateak baizik.

Haren esanean, AEBk txerto bikainak ditu, baina txertaketaren hedapena ez da hain ona. Delta aldaeraren zabalpenari aurre egiteko, bertan behera utzitako neurri batzuk berrezarri dira, esaterako, maskarak janztea espazio itxietan, baita txertatuta daudenek ere. Txertatutako batzuek, ordea, ez dutela nahi azaldu du Karanek: orain arte arau guztiak errespetatu dituztela diote, eta ez dutela atzera egingo, besteek ez dituztelako bete.

Horrela jokatzeak txertatu gabekoak babesik gabe uztea dakar. Karanen ustez, ordea, ezin da inor atzean utzi. Ezinbestekoa da bermatzea jende guztiak eskura dituela maskarak, eta ezagutzen dituela neurriak eta ondorioak. Adibidez, jakin behar dute zein garrantzitsua den isolatzea, infektatuz gero; eta horrek esan nahi du horretarako aukera eman behar zaiela.

Horrenbestez, txertatu gabekoak baztertu beharrean, babestu egin behar direla ondorioztatu du Karanek, eta dei egin du indibidualtasuna baztertu eta komunitatean pentsatzeko eta jokatzeko.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila