Garai batean odol artifiziala amets hutsa besterik ez bazen ere, azken urte hauetan urrats garrantzitsuak eman dira bide horretan. Guregana azkena iritsi den berri baten arabera, zientzilari estatubatuarrek giza hemoglobina produzitzen duten txerriak sortu omen dituzte.
Genetikoki maneiatu dituzten hiru animali motetatik, txerriak izan dira giza odolaren antz handiena eduki dutenak. Beraien odolean giza hemoglobina % 10 eta % 20 bitartekoa izatea lortu dute. Hemoglobina hau animaliatik atera egin daiteke eta kimikoki landuz eta pasteurizatuz giza odolean eraginkor bihurtu ere bai.
Sistema honen abantailak ugari izan daitezke, hala nola transfusioetan globulu gorriak ordezkatzeko erabiltzea, denbora luzez gorde ahal izatea, odol-mota guztiekin bateragarri izatea eta odol-transfusio arruntetan gerta daitezkeen birus-transmisioak ebitatzea.
Teknika hau aurreratu samarra dagoenez, 1992aren bukaeran edo 1993aren hasieran pertsonengan aplikatzen hasterik izango da.