Txaradiaren labirintoan... estrepa

FITXA TEKNIKOA Estrepa, txara

Oraingo honetan aztergai dugun espezie honen familian, 8 genero eta 200 espezie inguru ezagutzen dira eta, Ipar Hemisferio eta Hego Amerikako herrialde epeletan daude banatuta. Aipagarria da, oro har, mediterranio eskualdeko sastrakadi edo txaradietan familia honek duen dibertsitate eta ugaritasuna. Euskal Herriari dagokionez, Cistus generoko 8 espezie ezagutzen dira. Hauetako batzuk oso banaketa urria dute. Oro har, espezie guzti hauek estrepa izenaz ezagutzen badira ere, kostaldeko hainbat herritan txara izenaz ere ezagutzen dira.

J. Terés

Aipatu genero honen barruan, gure eskualdeetan hobekien ordezkatuta dagoena, Cistus salvifolius espeziea da, dudarik gabe. Zuhaiska edo mulu txikia da, eta metro bateraino irits daiteke. Orokorrean, oso adarkatua da eta adaska berriak tomentu fin batez estalia izaten ditu. Hostoak obatu-eliptikoak, kamutsak eta zimurtsuak, nahikoa handiak 4-5 cm ingurukoak, dira. Petalo zuriak ditu. Maiatza eta ekainean loratzen da bereziki. Fruituak berriz, kapsula pentagonalak, uda bukaerarako heltzen dira.

Lurzoru azidifikatuko txaradi edo sastrakadiak dira espezie honen habitatik tipikoenak, eta 0tik 1.000 metro bitarteko altuerara aurki daitezke. Oso arrunta da Mediterranioko eskualdeetan, Kantauri aldean aldiz, leku epelenetan bakarrik ugaritzen da.

Sendabelar modura erabili ohi da estrepa hau, batez ere zauriak sendatzeko hostoak erabili izan dira. Edozein motako pozoiren aurka ere erabili izan da landarea egosita.

Familia: zistazeoak
Espeziea: Cistus salvifolius
Banaketa: banatua
Habitata: txaradiak
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila