Horrek azaltzen du zergatik ez diren eraginkorrak minbiziaren aurkako botika batzuk
Estatu Batuetan eta Italian egindako ikerketa banaren arabera, ostalariaren odol-hodietatik ez ezik, beraiek sortutako odol-hodietatik ere elikatzen dira tumoreak. Aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu dute, eta baliagarria da azaltzeko zergatik itxaropen handia eragin zuten sendagai batzuk ez diren espero zuten bezain eraginkorrak.
Duela 40 urte inguru, Judah Folkman biologoak proposatu zuen tumoreak beren inguruko odol-hodien mendeko zirela, eta odol-hornidura hori eteten bazen tumorea desagertu egin zitekeela. Hala, tumoreen aurkako estrategietako bat angiogenesia inhibitzea da; hau da, odol-hodien hazkundea galarazten duten botikak garatzea. 2004an merkaturatu zen angiogenesiaren lehen inhibitzailea, Bevacizumab izenekoa, eta beste zenbait proba-fasean daude. Alabaina, nola batak hala besteek uste baino emaitza txarragoak eman dituzte klinikan.
Orain plazaratu diren ikerketek horren zergatia ulertzen lagundu dute. Izan ere, minbizi-zeluletatik zuzenean hazten diren odol-hodiak identifikatu dituzte ikertzaileek. Bi taldeek garuneko minbizi-mota bat ikertu dute, glioblastoma, eta haietan zeuden odol-hodien zelulek minbizi-zelulen ezaugarri genetikoak zituztela ikusi dute. Horrenbestez, odol-hodien jatorria tumorea bera zela ondorioztatu dute.
Ikertzaileak, dena den, ez dira hor geratu, eta ikerketan sakondu dute. Tumoreetatik zelula amen ezaugarriak dituzten zelulak hartu, eta in vitro hazi dituzte. Horrez gain, saguen garunetan txertatu dituzte zelula horiek. Eta bietan ikusi dute odol-hodiak sortu dituztela. Are gehiago: frogatu dute Bevacizumabak eta antzeko inhibitzaileek ez dutela mekanismo horretan eragiteko ahalmenik.
Ikertzaileek uste dute ez zaiola utzi behar angiogenesiaren inhibitzaileak bilatzeari, baina aurrerantzean kontuan hartu beharko dute odol-hodiak sortzeko tumoreek duten gaitasuna.