Tumoreak hautemateko eta suntsitzeko sistema bat garatu dute nanopartikuletan oinarrituta

Lau urtez aritu dira lanean Europako hogei erakunde, Gaiker-IK4 buru zutela

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

tumoreak-hautemateko-eta-suntsitzeko-sistema-bat-g
Sortutako sistemaren bidez aurkitutako tumoreak - Arg. Gaiker-IK4

Minbiziaren kontrako sistema berritzaile bat garatu dute Gaiker-IK4 buru izan duen proiektu batean. Tresna gisa nanopartikulak erabilita, tumoreen kokalekua zehaztea eta haiek hiltzea zuen helburu proiektuak.

Lau urtez aritu dira lanean helburu bikoitz hori lortzeko Europako hogei erakunde, eta, lortutako emaitzetako bat izan da tumoreei antzemateko sistema garatzea. “Helburua zen gaur egungo sistemak (biopsia) bezain inbaditzaileak ez izatea. Bada, nanopartikulen ezaugarri jakin batzuei esker, eta sortutako software bat baliatuz, tumorearen eskualdeko irudiak lortzen dira, eta zehaztasun handiz ikus daiteke zer dimentsio duen tumoreak”, azaldu du Pedro Heredia Gaiker-IK4ko ikertzaile eta proiektu-buruak. Eta nanopartikuletan gordetako farmakoak askatuz, tumore-zelulak hiltzea ere lortu dute ikertzaileek, in vitro egindako esperimentuetan.

Hala ere, “proiektu guztietan gertatzen den bezala, emaitza gazi-gozoa izan da, gauza oso garrantzitsuak lortu ditugulako, batetik, baina ez ditugulako genituen helburu guztiak bete”, dio Herediak. Arazoak in vivo esperimentuak egitean agertu zaizkie: “Emaitzak ez dira hain onak izan, ez baitugu lortu aurretik egiten zen tratamendua baino eraginkorragoa izatea. Izan ere, animalia-sistemak askoz konplexuagoak dira, eta laborategian hazitako zeluletan agertzen ez diren prozesuak dituzte, hala nola immunitate-sistema”.

Aurretik bide luzea dagoela aurreikusten du ikertzaileak, “in vivo egindako entseguak oso mugatuak izan direlako. Besteak beste, nanopartikulak berak hobetu egin behar dira, esperimentuetan ikusi baitugu nanopartikulen sorta batetik bestera asko aldatzen zela lortutako emaitza. Hau da, sorta guztietan emaitzak errepikatzea lortu beharko genuke”.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila