Tribu berria Brasilen

Gehienetan bestelakoak izaten dira biodibertsitatearekin loturik ematen ditugun albisteak, baina oraingoan zorionekoa da notizia. Brasilgo oihanean, Peruko mugatik gertu, Acre izeneko eskualdean, tribu berri bat aurkitu dute Indiarren Fundazio Nazionaleko ikertzaileek. Tribuak zehazki zenbat biztanle dituen, nondik datozen eta gainerako xehetasunak, itxuraz, berehala jakingo ditugu, baina oraingoz “Veja” izeneko aldizkariak argitara eman dituen argazkiak dira aurkikuntza berriaren lekuko bakarrak.

Hegazkinez hartutako argazkietan baino ezin daitezke tribu horretako etxolak ikusi. Bitxia da datu hau, izan ere, eskualde bereko indiarrek etxeak baso zabalean egiten dituzten bitartean, leinu berrikoek landaredia itxia den tokietan kokatzera jotzen baitute. 200 lagun inguruko taldea omen da, baina haren hizkuntzaz, jatorriaz edo ohiturez ez dakite oraindik gauza handirik. Erabat isolatuta bizi izan dira orain arte, hurbilen duten errepidea 127 kilometrora baitago eta 21 kilometrora, berriz, 30 biztanle baino ez dituen herrixka bat.

Ikertzaileak aspaldi zebiltzan tribu misteriotsu honen atzean. Izan ere, duela hilabete batzuk hiru gizonezko zuri desagertu ziren eskualde horretan eta bertakoek ziotenez, eraso egin zutenak ordura arte ezezagun zitzaizkien indiar-talde bateko kideak ziren. Ikertzaileek uste dutenez, tribua erabat primitiboa da, ez du sekula harremanik izan ingurukoekin eta, beraz, arrisku izugarria ikusi bide zuten hiru gizonezko horiek iristean.

280.000 indiar bizi dira gaur egun Amazonian, 210 tribu edo herritan banaturik. 170 hizkuntza edo dialekto hitz egiten dira bertan; munduan 6.000 hizkuntza baino gutxiago daudela kontuan hartuz gero, nabarmen ikusten da oihanak dibertsitatean duen garrantzia.

Tupi eta Maacro-Je dira hizkuntza horien guztien nolabaiteko ardatzak. Bestetik, 5.000 hiztun baino gehiagoko hizkuntzak daude, besteak beste ondokoak: guajara, satere-mawè, xavante, yanomani, terena, macuxi, kaingang, ticuna eta guarani. Hortik behera, 400 hiztun baino gutxiago dituzten 110 hizkuntza daude Amazonian. Izan ere, herri indigenen % 60 bizi da Amazonian: Amazonas, Acre, Amapá, Pará, Rondonia, Roraima, Tocantis, Mato Groso eta Maranhao dira hango eskualdeak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila