1999. urtean 39,9 milioi hektarea lur landare transgenikoak hazteko erabili dira; 1998. urtean erabilitako azalera baino % 44 gehiago, hain zuzen. Hektarea horietatik % 72 Estatu Batuei, % 17 Argentinari, % 10 Kanadari eta % 1 Txinari dagozkie, hurrenez hurren. Ondoren Australia, Hego Afrika, Mexiko, Espainia, Frantzia, Portugal, Errumania eta Ukrania daude. 1992tik 1999ra, uzta transgenikoak biltzen dituzten herrialdeen kopurua 1etik 12ra handitu da, uzta nagusiak soja, artoa, kotoia eta koltza izan direlarik. Datu ekonomikoak ere ez dira badaezpadakoak. 1999. urtean 23.000 milioi dolarreko salmenta-irabaziak izan zituen landare transgenikoen merkatuak; 1998koak baino % 30 handiagoak. 1995. urtean lehenengoz merkaturatu zirenetik, transgeniko-salmentak 30 bider handiago izateraino igo dira, eta 2000. urtean 30.000 milioi dolarreko salmenta-irabaziak izatera iritsiko direlakoan dira adituak. Bost urte barru berriz, 80.000 milioi dolarreko merkatua izango dute eskura landare transgenikoek.