Australian egin duten ikerketa baten arabera, termitek egurrak ateratzen duen soinuaren arabera, hau da, bibrazioaren arabera, erabakitzen dute gustuko duten ala ez —kontuan izan behar da itsuak direla, eta bibrazioei antzemateko gai direla antenekin eta hankekin—.
Egurraren tamainaren arabera, soinuaren tonua altuagoa edo grabeagoa da; eta termita-mota batzuek egur-zati txikiak izaten dituzte nahiago, eta beste batzuek handiak.
Ikerketa egiteko, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko ikertzaileek Cryptotermes domesticus espezieko termitek egurra jaterakoan ateratzen duten soinua grabatu dute; eta ikusi dute tamaina desberdinetako egur-zatiek oso soinu desberdina ateratzen dutela: 7,2 kHz-eko maiztasuna 20 mm x 20 mm-ko zati txikiek, eta 2,8 kHz-ekoa 20 mm x 160 mm-ko zati luzeek.
Jasotako grabazioekin proba batzuk egin dituzte, eta ikusi dute C. domesticus-ek nahiago dituela maiztasun handiko bibrazioak, puska txikiak, alegia.