Aurten Ozeanoen Nazioarteko Urtea da, baina horrez gain, Adena erakundeak tigrearen aldeko urtea ere izendatu du, Txinako egutegiak dioenarekin bat eginez. Ez da, tamalez, egutegi-kontu soila. Tigrearen geratzea ezagutarazteko ekimenak antolatu nahi ditu Adenak eta horretarako mundu osoko erakundeen lankidetza ere lortu du.
Erakunde hauek diotenez, 2010. urterako batere tigrerik ez egotea oso posible da orain arteko suntsipen-erritmoari eusten bazaio. Azken 100 urteotan % 95 murriztu da tigre-populazioa munduan. Eta azken mende-erdian, dauden zortzi azpiespezietatik hiru erabat desagertu dira: Javakoa, Balikoa eta Kaspiokoa. Txinako hegoaldeko populazioa 4.000 ale ingurukoa zen 1950. urtean; iaz guztira 20 ale baino ez ziren zenbatu eskualde horretan.
Bi dira tigrea mehatxupean duten faktore garrantzitsuenak: habitata suntsitzea bata, bereziki gizakiok ezarritako presio demografikoaren aurrean eta, legez kanpoko ehiza eta horren ondorioz zabaldu den merkatu beltza, bestea.
Tigrea erabat babestuta dago legez; hau da, ezin da tigrerik ehizatu CITES izeneko akordioak dioenaren arabera, baina praktikan ez da ia deus egin legez kanpoko merkatuari eraso egiteko. Bereziki Txinako medikuntza tradizionalaren aitzakiz hedatu da merkatu hori. Baina, honetan ere, iruzurrak antzeman dituzte erakunde. Ustez tigre-hezurrez eginda dauden produktuak aztertu dituzte erakunde ekologistek eta % 90 pasatxo iruzur hutsa direla zabaldu dute.